Olatz Aizpurua: «Hurbil ditugun gauzak ez ditugu ikusten»

  • Albistea entzun

Itzuli dira enarak eta sorbeltzak Euskal Herrira. Ohiko hegaldi akrobatikoak egiten ari dira eraikinen eta baserrien inguruan. Habien errolda egingo du Aranzadik, eta boluntarioak behar dituzte, umatze garaian —ekainaren hasieratik uztailaren 15era arte— habiak aurkitzeko eta urtez urteko jarraipena egiteko. Datuak Ornitho.eus zientzia atarian bilduko dituzte.

Nola bereiz daitezke enarak eta sorbeltzak?

Enarek sabelaldea zuria dute. Enara arruntak paparracloseBularraldea. gorrixka du, eta isatsa oso luzea, sarde itxurakoa; enara azpizuriak, ordea, isatsa laburra du. Sorbeltzak beltzak dira, eta isatsa laburragoa dute.

Habiak ere ezberdinak dira.

Sorbeltzek arrailcloseArrakala, arraildura.
etan egiten dituzte habiak: harrietako zuloetan, teilen azpian... Enarek buztinezkoak egiten dituzte: enara arruntarenak ontzi ireki baten itxura izaten du; enara azpizuriarena, berriz, itxi-itxia izaten da, zulo txiki bat baino ez du sartzeko eta ateratzeko.

Herri eta hirietako espezie bihurtu dira?

Enara arrunta landa eremuetan ibiltzen da; enara azpizuria eta sorbeltza, berriz, herri eta hirietan.

Sorbeltzak ez dira lurreratzen, lur hartuz gero ez dakitelako berriro hegan egiten. 

Umaldian salbu, ez dira gelditzen. Beti egiten dute hegan, baita lo daudenean ere.

Lo daudenean ere hegan?

Pixka bat gorago igotzen dira, metabolismoa lasaitzen dute, eta lo egiten dute hegan ari direla.

«Sorbeltzak, umaldian salbu, ez dira gelditzen. Beti egiten dute hegan, baita lo daudenean ere».

Olatz Aizpurua (Aranzadi)

Zertarako erroldatu habiak?

Aurkitu nahi ditugu, urteetako jarraipena egiteko; udalek jakin dezaten zer eraikinetan dauden; eta, eraikinak edo teilatuak berritzeko orduan, hori ere aintzat hartzeko.

Legeak zigortu egiten du enaren habiak apurtzea.

Bai.

Arriskuan dauden txoriak dira?

Europan bai.

Zergatik?

Intsektujaleak dira, baina pestizida artifizialek intsektuak hiltzen dituzte; habiak puskatzen dizkiete; eraginkortasun energetikoa aintzat hartuta, eraikinak eta teilatuak isolatu egiten dira, eta ez da zirrikiturik uzten; enara arruntek gero eta baserri gutxiago dituzte habiak egiteko; lokatza ez da hain erraz itsasten eraikin berrietako materialetara; eta migratzeko bidaietan asko hiltzen dira. Milaka kilometro egiten dituzte Afrika erdialdera edo hegoaldera, eta hegazti txikiak dira, hamabost bat gramokoak.

«Milaka kilometro egiten dituzte Afrika erdialdera edo hegoaldera, eta hegazti txikiak dira, hamabost bat gramokoak».

Olatz Aizpurua (Aranzadi)

Arruntak eta gertukoak direnez, gutxiago estimatzen ditugu?

Mendiarekin eta naturarekin lotzen dugu biodibertsitatea. Hurbil ditugun gauzak ez ditugu ikusten. Umatzera etortzen dira, beti habia berera eta beti bikote berarekin. Martxoaren erdialdean edo apirilean etortzen dira Afrikatik, eta abuztuaren bukaera aldean joaten dira.

Altxor bat da etxe hondoan habia bat izatea?

Bai, urtero bueltatzen dira, haien bizimodua ezagut dezakezu, oso erraza eta ederra da umeekin jarraipena egitea, eta sekulako hegaldiak egiten dituzte.

Kontrakoek esango dute kaka egiten duten altxorra direla.

Bai, zikindu egiten dituzte espaloiak, terrazak... Badaude neurriak. Apalak-eta jar daitezke.

Jatorrizko artikuluak